Alba Hernando Martínek 3. postua lortu du “EDUARDO CHILLIDA” EUSKADIko 16. Olinpiada Matematikoan D.B.H.ko 2. mailako 3000 ikasle baino partaidetza handiagoarekin.
Gasteizen diploma jasotzera joan zen eta Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu du, Europako herrialde batean hizkuntza-ikastaldi bat egiteko.
Begira hemen irabazkeen sailkapena.
Hurrengo erronka ekainean Valentziako Espainiako Olinpiada izango da.
Zorionak Alba!!!
Begira hemen sari banaketaren bideoa.
Begira hemen sari banaketaren argazkiak.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarekin batera, XIVI. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu zituen 2018ko ekainaren 1ean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. Sari banaketan izan da Luis Chillida ere, olinpiadari izena ematen dion eskulturagilearen semea.
2018ko edizio honetan, Euskadiko 104 ikastetxetako 3.000 neska-mutil inguruk hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak (Arabako 20 ikastetxe, Bizkaiko 49 eta Gipuzkoako 35). Olinpiadaren lehen fasea parte hartu duten ikastetxeetan bertan burutu zen, eta irakasleek eurek hautatu zituzten finalera pasatuko ziren bi edo hiru ikasle onenak, zentroaren tamainaren arabera. Finala maiatzaren 12an burutu zen, hiru hiriburuetan, eta 225 neska-mutil lehiatu ziren. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte gaur goizez, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere ekitaldian zirela.
Sari banaketa ekitaldian izan duen hitzaldian, Cristina Uriartek hizpide izan ditu ekimen honen helburuak, eta baita honen bidez ikasleek gara ditzaketen gainerako konpetentziak ere. “Olinpiada hau ez da ekimen isolatu gisa planteatzen, baizik eta ikasgelako egunerokoan ere eragina izatea da asmoa. Ekimen honekin, matematikaren bidez disfrutatzea bilatzen da, erronka intelektualak gainditzeak dakarren poztasun txiki aurkitzea, edo matematikak ikasgelatik atera eta beste eremu batzuetan ere ikusgarri bihurtzea. Eta hori guztia sormena, ezohiko problemak ebazteko trebetasuna eta erabakiak hartzeko gaitasuna garatzen diren bitartean”.
“Baina eguneroko egoera errealetan matematika-ezagutza aplikatzeaz ere ari gara; problemen ebazpena bultzatzeaz; arrazoiketa prozesuei lehentasuna emateaz; argumentuak aurkezteaz; eta horiek guztiak komunikatzeaz” azaldu du sailburuak.
Ondoren berriz, STEAM deritzenei buruz ere aritu da (STEAM, Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics akronimoa, ingelesez), Hezkuntza Saila bultzatzen ari den estrategia gisa: “Matematikek, STEAM deiturikoen artean parte funtsezkoa diren heinean, handituz doan gizarte protagonismoa dute egun. Hezkuntzako gainerako edukientzat zeharkako diren ezagutzak ematen dituzte matematikek. Eta horrexegatik hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzan beharrezko ikusten dugu matematiken ezagutza bultzatzen jarraitzea”, baieztatu du Cristina Uriartek.
Egonaldia Ingalaterran
Lehen lau sarituek, hala direla egiaztatzen duen diplomaz gain, Casio kalkulagailu zientifiko bana eta Ingalaterran hiru astez ingeles ikastaroa egiteko beka jaso dute. Gainera, lehen hiru sailkatuek ekainaren 21etik 25era Valentzian egingo den Estatuko olinpiadan parte hartzeko eskubidea irabazi dute, Euskadiren ordezkari. Gainerako saridunek, diplomarekin batera Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko txartel bana eta Casio kalkulagailu zientifiko bana jaso dituzte.
Eduardo Chillida Matematika Olinpiada EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatzen du Hezkuntza Sailaren laguntzaz, eta hirugarren ediziotik darama eskulturagile handiaren izena.
Aurten 16. ediziora iritsi den ekimenak, honako helburu hauek ditu:
- Matematiken arloa ezagutaraztea, ikasle nahiz irakasleentzat dibertigarri izango den jardueraren bidez.
- Ikasleen artean Matematikarekiko zaletasuna bultzatzea, problemak ebatziz.
- Sormena, erabaki gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ez ohiko problemak askatzeko gaitasuna piztea.
Baina ikasleen matematikarako konpetentziaz gain, Olinpiada honek –arazoak konpontzeko lana sustatzen duenez- oinarrizko beste konpetentzia batzuk ere garatzen ditu: ikasten ikasteko konpetentzia, ekintzailetza eta ekimenerako konpetentzia eta hizkuntza-konpetentzia.
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiko Matematika-aholkulari Santiago Fernandezek hitzaldia eman du “La belleza de los números” izenburupean (“Zenbakien edertasuna”), olinpiadako irabazleentzat, hauen senitartekoentzat nahiz irakasleentzat.