Euskaraldia – azaroaren 23-abenduaren 3 bitartean

Mezu honen bitartez, jakinarazi nahi dizuegu azaroaren 23 eta abenduaren 3 bitartean, EUSKARALDIA ( 11 egun euskaraz!) garaia izango dela. Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

EUSKARALDIA 11 egunez (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) ditugun hizkuntza ohiturez eta portaerez jabetu eta ohiturak aldatzeko aukera eta euskara gehiago hitz egiteko esperimentu kolektiboa da.

Euskal Herri osoan egingo da, herriz herri eta eremuz eremu eta Donostian ere hala egingo dugu. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute.

Gure inguruan uste dugunok baino gehiagok ulertzen du euskara: Donostian 3tik 2k ulertzen du. Lehen hitza euskaraz egingo bagenu hirukoiztu egingo litzateke Donostiako euskararen erabilera.

Euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasa edo ingurukoei euskaraz egin dezaten lagundu nahi badiezu, Euskaraldiak pauso hori taldean emateko aukera paregabea emango dizu, 11 egunez. Euskaraldian parte hartzeko bi aukera dituzu

  • Belarriprest! Ingurukoek zuri euskaraz egitea nahi baduzu, nahiz eta zuk agian gaztelaniaz erantzun.
  • Ahobizi! Egin lehen hitza beti euskaraz, eta euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eutsi, besteak gaztelaniaz egin arren. Ulermena bermatua badago, zergatik ez du bakoitzak nahi duen hizkuntza erabiliko? 

Hizkuntza ohiturak aldatzeko jarrera aktiboa hartu nahi baduzu, Euskaraldian parte hartzera gonbidatzen zaitugu.

IZEN EMATEKO ZER EGIN?

Parte hartzeko ezinbestean izena eman beharko da eta azaroaren hasieran identifikazio txapa eskuratu ahal izango da izena ematean norberak aukeratzen duen tokian. Gomendio batzuk ere banatuko dira 11 egunetan belarriprest eta ahobizi moduan nola jokatu laguntzeko.

Izena emateko epea azaroaren 22ra arte egongo da zabalik.

Izena bi modutara eman ahal izango da: eskuorri bitartez eta internet bitartez https://izenematea.euskaraldia.eus/ atarian. Izena ematean aukeratu zer izan nahi duzun AHOBIZI ala BELARRIPREST. Zalantzatan bazaude ikusi bideoa!