Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-zentro guztiak ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Hezkuntza Sailak, dagoeneko, bidali du zentro guztietara jakinarazpena, eta bertan zehazten denez, ostirala, martxoaren 13ean itxiko dituzte ikastetxeak, eta 15 eguneko etenaldia izango da.

EUSKO JAURLARITZAREN GUTUNAREN TRANSKRIPZIOA: 

” Hezkuntza-komunitateko kide agurgarriok:

COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, zirkular honen bidez jakinarazten dizuegu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako eteteko hartutako erabakiaren berri.

Etenaldi horrek 15 eguneko iraupena izango du bihartik aurrera, martxoaren 13tik aurrera.

Ondorioz, bertan behera geratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru lurralde historikoetako ikastetxeetan aurrez aurreko eskola-jarduera guztia, bai eta Haurreskolak Partzuergoaren mendeko haur eskoletan ere.

Nolanahi ere, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da.
Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du.

Horrez gain, Osasun Sailak gomendatzen du, nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin dezaketen, ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatzen dizuegu, hartutako neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan.

Ikasleekin edo irakasleekin egiten diren mota guztietako irteerei dagokienez, Osasun Sailaren jarraibideak bete behar dira. Une honetan horiek saihestea gomendatzen du Sail horrek.
Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekin komunikatzeko ohiko bideak, horri buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko.

Informazio eguneratua eta jarraibide operatibo gehigarriak izateko, sailaren webgunearen barruan atal bat gaitu da, gomendioak eta mezu berriak aldizka helarazteko.
https://www.euskadi.eus/koronabirusari-buruzko-informazioa/web01-s2hhome/eu/

Hezkuntza-komunitateko kide guztien erantzunkidetasuna eskatzen dugu, salbuespenezko eta ezohiko aldi hau behar bezala kudeatzeko, aldi berean, lankidetza ere eskertzen dugularik.

Adeitasunez,
Cristina Uriarte Toledo
Hezkuntzako sailburua “

Eusko Jaurlaritzako Gutunaren esteka.

Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Ezkuntza Sailaren Web Gunearen esteka.

Eusko Jaurlaritzaren prentsa oharraren esteka.

Honekin batera doakizue Hezkuntzako sailburuaren zirkularra.

https://posta.irakasle.net/publico/Gutuna.pdf

IES Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI-ko zuzendaritza taldeak hartutako neurriak

Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI zentroan eskola-jarduera presentziala behin-behinean bertan behera uztearen ondorioz, hurrengo neurriak hartu dira :

  • Bigarren ebaluazioan gainditu gabeko irakasgaien BERRESKURAPENAK, abisu berrira arte atzeratuta geratzen dira.
  • Meningokokoaren TXERTAKETA atzeratuta geratzen da.
  • Batxilergoko bigarren kurtsoan dauden ikasleek dituzten lehenengo mailako gainditu gabeen azterketen datak oraingoz mantentzen dira (Martxoaren 31 eta Apirilaren 1 eta 2).

 

COVID-19 birusari (Koronabirusa) lotuta ezagutzen ari garen informazio berrien aurrean, gomendatzen dizkizuegu:

  • Osakidetzak Korinabirusari aurre egiteko emandako jarraibideak jarraitzea. (dokumentuak erantsi ditzuegu)

koronabirusa-babestu-eus

cartel_infecc_coronavirus_eu

Beti bezala, informazio gehiagorako, Osakidetzak, koronabirusaren bilakaerari buruzko informazioa kudeatzen eta eguneratzen duen erakundeak, informazio eguneratua jartzen du gure eskura:

OSAKIDETZAKO WEB GUNEA / KORONAVIRUSA